2014-05-27

Maison 13 gunearen inguruko triptikoa


Eraikin honek gure hiriko beste hainbaten pareko historia du: Alde Zaharraren erdialdean kokaturik, auzo bizitzaren zati aktibo, partehartzaile eta bizia izan ordez, higiezin espekulazio adibide da duela denbora batetik. Hainbat urtetan utzita egon ondoren, 2010ean, hainbat gaztek eraikinaren zati bat berreskuratu zuten, indar sozial handiko etxebizitza kolektibo bat bihurtuz. 2012An desalojatu ondoren, berriro ere okupatua izan da, auzoari itzulia.

Proiektua
Gune honen berreskurapena ez da egun batetik bestera gertatu. Aitzitik, ibilbide politiko argi baten jarraipena da: 2012 urtearen bukaera aldera, ekimen kolektibo ezberdinetatik gentozen pertsona anitzak orduko ekintzen mugez hausnartzeari ekin genion. Hainbat behar sozial eta, ondorioz, ekintzarako lau marko ikusi genituen:
1. Etxebizitza kolektibo esperientziak sortzeko eraikinak berreskuratzea;
2. Aisialdi Alternatiborako egitasmoak indartzea;
3. Ikasketa autogestionaturako proiektuak sortzea.
4. Jendarte lankidetzan oinarritutako eta soldatapeko ez diren lan moldeak ezartzea.
Hausnarketa hauek elkar bat egin eta egitate bihurtu ziren ERRIBERA 13 eraikinean:
2013ko uztailean, 7 urtez hutsik egon ondoren, okupatu zen eraikin hori. Proiektuak aldi berean etxebizitza kolektibo bat, topaketa eta elkartzeko gune bat eta kolektibo zein banakoentzako transbertsalitate politikorako gunea eskaini zuen. Hau 2014ko otsailean eten zen, desalojatua eta espekulazioak berreskuratuz izan zen arte.

Jardunaldiak
Gure hiriaren gaurko egoerak denok ikus dezakegun diagnosia argi uzten du: azken datuek 17.000 etxebizitza hutsetik gora aipatzen dituzte Bilbon. Aldi berean, deshauzio zein kaleratzeei aurre egin behar izaten ari dira gero eta pertsona gehiago, euren bizitzak garatzeko etxebizitzarik gabe. Egoera honek erresistentzia eta erantzun neurriak hartzera behartzen gaitu, bai eta afinitate eta elkartasunerako sare aktibo eta iraunkorrak sortzera ere.
Geure buruak antolatu eta kolektiboki kontraerasoari ekitera. Ibilbide berri hau etxebizitza gaiaren inguruko jardunaldi batzuk proposatzen hasiko dugu. Bertan jendarte problematika honek dakarrenaren eta denon artean proposatu eta eraiki ditzakegun irtenbide posibleak aztertu nahi ditugu. Hau guztia dela eta, EKAINAREN 6 ETA 7AN MAISON HAMAIRU eraikinean ospatuko ditugun jardunaldi hauetara gonbidapena luzatu nahi dugu, elkarrekin hausnartu eta geure bizitzak autokudeatzeko tresnak har ditzagun.
Azkenik, gure babesa adierazi nahi diegu aipaturiko ildoetan lanean ari diren eta lan honengatik jazarriak izan diren kideei. Horrela, gure elkartasun beroena adierazi nahi diegu lehengo ostiralean, MAISON HAMAIRUren okupazioa publiko egin genuen egun berean, Mena kalean beren etxetik kaleratuak izan zirenei. Era berean, gaur goizean gure elkartasuna adierazi diegu 20 pertsona inguruk ERRIBERA 13 eraikinaren desalojoa dela eta epaitegietan deklaratu dutenei. Kasuaren artxiboa exijitzen dugu, eta espekulazioaren aurkako gure jarrera berriz adierazi.

Etxebizitza eskubidea
Kaleratze bat, okupazio bat